Ravel festibala

Sailak/Tags

    Agorrilaren 23tik irailaren 9ra, Ravel festibala jarriko da Hego Lapurdin. 

    txarteldegira joan. 

    Maurice Ravel-i udak Euskal Herrian iragatea gustatzen zitzaion, sortu zen herriaren paisaia liluragarriak berriz ikustea, kultur euskaldun herrikoia transmititu zion ama adoratuarekin berriz topatzea, baita Donibaneko badian igeri egitea eta Larrungo bidexketan lasterka ibiltzea ere; lasaitasun handiko uneak, gogoan atxikiko dituenak bere bizitza bukaera arte. Itzal handiko musikari honen ildotik proposatzen dizuegu Ravel akademia festibalaren edizio berri honen inguruan biltzea, agorrilaren 23tik irailaren 9ra. Uda hondar honetan, non itsasoa eta mendia bateratzen diren urre koloreko argitasunean, Ravel motako bidaia handi batera gomitatzen zaituztegu.

    Donibane Lohizune / Ziburuko epizentrotik, kontzertu andana batek lurralde inspiragarri horretatik eramanen zaituzte, gorde-gorderik den itsasbazter zoragarritik barnekalde miragarrira, zeinen herriek, harribitxi horiek, zirrara musikalari dagozkion leku bikainak eskaintzen dituzten. 

    Festibala Eliseo Zelaien orkestra eta Louis Langrée-rekin hasiko da eta Toulouse hiriko Kapitolioko orkestra nazionala eta Josep Pons-ekin bukatuko. Anartean, beste hainbeste kontzertu izanen dira, mundu osotik etorritako bakarlari, orkestra eta ganbera-musika talde hoberenekin. Une nagusi gisa, agorril-iraila artean, Pariseko orkestra nazionalaren kontzertua. Ravel eta bere garaikideen inguruan, zeinen askori gustatu zitzaien Euskal Herria, hiru musika mende baino gehiago estaltzen dituen errepertorio bat proposatua izanen zaizue bi asteren epean. 

    Duela bi urte egindako Luis XIV.aren ezteien berreraikitze musikalaren harira, Le Poème Harmonique musika taldeak eta Vincent Dumestre artistak segituko dute Lully eta Charpentier-en Te Deum ospetsuarekin, Eguzki Erregearen musiken esplorazioa, zeinen historiak Donibane Lohizune hiriarekin bat egiten duen. Iraganerako bidaia honen beste puntan, Garaikidearteko Musika Taldea errezibituko dugu, Pierre Boulez-ek sortutako talde mitikoa, gaur egun Pierre Bleuse-k zuzendurik, György Ligeti-ren mendeurrena ospatzeko, eta gaurko musikaren bi izen handirekin kontatzen ahalko dugu: Helmut Lachenmann eta Michaël Jarrell.

    Aurkikuntza, ausardia, abenturarako izpiritua, sorkuntzarako zaletasuna eta tradizioari atxikimendu sakona... Horiek dira Ravel motako bidaia handi honen baloreak, inspiratzailearen gisan. Maurice Ravel, historiako konpositore handienetakoa izateaz gain, humanista ere zelako, jakin-min handiko gizona, bizi izan zen garaiko biziki aitzinatua, besteetara eta beste lekuetara erakarria. Gogo horrek gaitu programazio horretara eraman eta horrek dio bere originaltasuna ematen. 

    Karrera ospetsuak sortu dituen talentu mintegia den Akademiak bere bidea segitzen du urtero bezala, eguneroko maisu-klase publikoekin, biharko musikari handien sortzea behatzeko aukera eskainiko dizuen laborategia.
    Ravel festibala esperientzia oso-osoa, topaketa eta trukaketa gunea izan dadin, kasik ekitaldi guzietan izanen den tokiko gastronomia ere ohoretan izanen da, batez ere egun beteenetan. Horrela izanen da agorrilaren 26 eta 27ko asteburuan, Ziburuko erabilera anitzeko gelan, muntatua izanen den karpapean, Ligeti-ren soinu-mundua ezagutuko duzuelarik, edo Senperen, agorrilaren 30ean, tokiko ekoizleek antolatutako "piknika" kari, Granados-en musika indartsuaren eta Chausson artistaren lirismo sutsuaren artean.

    Abentura hori gurekin bizitzeko eta Euskal Herriko pertsonaia gogoangarriena ospatzeko saldo handian etorriko zaretela espero dugu,  mundu osoan ezagutua, famatua eta maitatua.

    2023. Ravel festibal on!

    Jean-François Heisser                                            Bertrand Chamayou

    Lehendakaria eta zuzendari artistikoa              Zuzendari artistikoa

    Programa osoa deskargatu