Ziburu, hondakinak murrizteko engaiatua
2022ko maiatzaren 1etik goiti, Ziburun, paper eta estalki guziak zikinontzi horira bota behar dira, balorizatuak izan daitezen. 18 hilabete berantago, erreformaren emaitzak onak dira: bereizketa %40z emendatu da, etxe-hondakinak heren batez ttipitu delarik.
Valérie Merienne, Bil Ta Garbi sindikatuko teknikaria:
Gaur egun, zikinontzi beltzean aurkitzen dira gehien bat hondakin organikoak, biodegradagarriak. Aterabide bat baino gehiago dira nork bere bio-hondakinak etxean hondatzeko: konpostagailu bat baratzean edo zizare konpostagailua.
Haatik, ez da beti erraz balkoian ezartzea. Orduan, hiriak Marinela-Zubiburu auzotegiko biztanleei bizkor erantzun die, auzotegiko batzordearen bidez konpostagailu kolektibo bat ukaiteko eskatzen zutelarik.
Bil Ta Garbik sustatzen duen esperimentazioa
Horretarako, hiriak Bil Ta Garbi sindikatuaren gaitasunak eta metodologia mailako laguntza baliatu ahal izan ditu, konpostagailua diruztatzen eta plantan ezartzen duelarik eta honen martxan jartzea laguntzen duelarik konpostatze-maisu baten esku hartzearekin.
Hogeita hamar bat familia engaiatu dira. Parte hartzeko deialdi bat zabaldua izan zitzaien Zubiburuko biztanle guziei, gutun baten bidez. Informazio bilkura bat ere antolatua izan zen irailean konpostagailuaren jartzea eta ibilera aurkezteko.
Konpostagailua udazken hastapenean jarria izan da Chancerelle anaien plazan, auzotegiaren bihotzean, Atherbea gizarteratze elkartearen eskutik. Hiriak eta Bil Ta Garbi sindikatuak esperimentazio honen bilana eginen dute udaberrian, behar diren egokitzapenak egiteko, eta urraspidea hiriko beste auzotegietara zabaltzeko.
Nola ibiltzen da konpostagailua?
Urraspidean engaiatu nahi diren familiek izena eman behar dute Herriko Etxearen aldean eta konpostatze kolektiboaren aginduak errespetatzea hitzematen dute konpostatzearen gutuna izenpetuz.
Bio-ontzi bat eskuratzen dute, landare-hondakin organikoak biltzeko (barazki zurikinak, arroltze kuskuak, hostoak, etab.). Ontzia betea delarik, konpostagailura botako dute.
Hiriko zerbitzu teknikoek ekarritako elementu idor batzuekin nahasirik (aldaxkak, hostoak, moztutako belarra), utzitako hondakinak konpost bihurtuko dira, herritarren esku utzia haien lore asketan ezartzeko, edo hiriko zerbitzuen esku berdeguneak artatzeko.
Konpostagailu bat ezartzea nire auzotegian
Zure auzotegiko batzordearekin harremanetan jarri konpostagailu kolektibo bat jartzeko:
- Zokoa-Untxin:
socoa.untxin@mairiedeciboure.com
- Erreka-Zahar / Gurutze Saindu: (bulegoa berritu behar da):
erreka.zahar.sainte.croix@mairiedeciboure.com - Bordagain-Sopitenia:
bordagain.sopitenia@mairiedeciboure.com - Marinela-Zubiburu:
marinela.zubiburu@mairiedeciboure.com - Oihan Alde / Arrantzalea:
oihan.alde@mairiedeciboure.com - Hiri barna / Gurutze Zuria:
centre.ville@mairiedeciboure.com
Edo Herriko Etxearekin harremanetan jarri: 05 59 47 26 06.