Bi hitzez:
- Itsas gainaldeko bidea hestea (RD912) 2024ko maiatzaren 21etik, asteartea, 10:00etan, ekainaren 7ra, ostirala, 12:00etan.
- Garraio mota guziak dira hunkituak (beribilak, garraio publikoak, gurpil biko motordunak, bizikletak, oinezkoak eta kamioi astunak). Bertako etxeetara eta jarduera ekonomikoetara heltzeko bidea segurtatua.
- Aterabide alternatiboak denentzat: garraio publikoz eta beribilez.
Itsas gainaldeko bidean 9 000 eta 16 000 ibilgailu artean ibiltzen dira egunero, sasoiaren arabera. Itsasbazterreko higadurak azkar mehatxatzen du, 2021eko ezponda mugimendu handiak erakutsi duen bezala. Epe luzera bide hori segurtatzeko, itsas gainaldeko bidearekin loturarik duten partzuer publiko guziek (Estatua, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa eta honen Mugikortasunen Sindikatua, Biriatu, Ziburu, Hendaia, Donibane Lohizune eta Urruako hiriak) 10 urteko ekintza plan bat apailatu dute.
Halaber, partzuerrek itsas gainaldeko bidearen heste esperimentala erabaki dute, honen eragina neurtzeko, ekintza plana guziz gauzatu baino lehen bidea hetsi behar izanez gero.
Zenbaketa puntuak jarriko dira (hirurogei bat hunkitutako bost hirien eremuan), bidea hetsi baino lehen eta hetsia izanen den bitartean ordezko errepide nagusietako zirkulazio baldintzak neurtzeko.
Horrez gain, biztanleek, ikasleek eta beren familiek, lurraldeko ekonomia eta gizarte arloko eragileek egunerokotasunean jasandako zailtasunen berri emateko aukera izanen dute haien Herriko Etxearen aldean, heste esperimentalaren epe osoan. Hendaiako hiriak, batez ere, honi eskainitako helbide elektroniko bat ezarriko du herritarren esku: routedelacorniche@hendaye.com.
Eta heste esperimentalaren ondotik?
Partzuerrek ebaluaketa txosten bat idatziko eta banatuko dute esperimentazioaren ondotik. Txosten honen emaitzen arabera, Itsasbazterreko legearen indargabetze bat eskatzen ahalko da D912 errepidea gibelatzeko tokika eta neurriz, higadura handieneko guneetan edo edozein egokitzeko neurri ere mehatxatuenak diren guneetan, lurraldeko zirkulazioan bide nagusi hori mantentzeko xedez hemendik 10 urtetara, ekintza plana gauzatzeko aurreikusitako epea delarik.
Itsas gainaldeko bidearen heste esperimentala praktikan
Bidea hetsia izanen da 2024ko maiatzaren 21etik, 10:00etan, ekainaren 7ra, 12:00etan. 17 egun horiek beharko dira auto gidarien erreakzioak neurtzeko eta aztertzeko baldintza berri horietan, zirkulazio hertsadura berriei egokitzea ez baita berehala egiten.
Garraio mota guziak hunkituak dira, gurpil biko motordunak, bizikletak eta oinezkoak barne. Etxeetara eta jarduera ekonomikoetara heltzeko bidea mantenduko da, baita sokorri zerbitzuendako eta babes zibilarendako heltzeko bidea ere. Ohar gisa, Juantcho kanpalekurako bidea mantendua izanen da Zokoatik, D912 errepidetik.
Hesteko dispositiboa lekuan berean
Hendaiatik etorriz, D912 errepidea hetsia izanen da "Bordaberriko etxea" eta "Uhaina etxea" heinean, bertaratzeko bidea mantenduz. Leku horietara ez doazen auto gidariei gibelera itzultzea gomendatua zaie kilometro bat lehenago, Abadiako jauregirako aparkalekura heltzeko biribilgunearen heinean.
Ziburutik etorriz, D912 errepidea hetsia izanen da Zokoatik ateratzeko bide seinalearen heinean, auzotegi horretako biztanleei D912 errepidera heltzeko bidea eskainiz. Juantcho kanpalekura doazen auto gidariek soilik ahalko dute kanpalekurako bidea hartu. Zokoako auzotegira ez doazen auto gidariei gibelera itzultzea gomendatua zaie 500 metro lehenago, Passicot komandantearen etorbidea hartuz.
A63 autobidetik etorriz, D913 errepidea (Zokoako sarbidea) hetsia izanen da D912 errepidearekiko bidegurutzea baino doi bat lehenago. Leku hartara ez doazen auto gidariei gibelera itzultzea gomendatua zaie 1,2 km lehenago, "Putillenea / Martinzaharrenea" biribilgunearen heinean.
Hetsiak izanen diren D912 errepideko lekuetara heltzeko bidea segurtatua izanen zaie bertan bizi diren herritar guziei D913 errepidetik (Zokoako sarbidea), edo hiriko bideetatik. Urruñako hiriak sortutako autoz ibiltzeko bi bidek emanen dute Kauterabaita bideko etxeetara eta D912 bidera heltzeko aukera, D912/D913 bidegurutzetik hurbil.
Garraio alternatibak bidea hetsia izanen den bitartean
Garraio publikoak lehenestea gomendatua da: TER eta TXIK TXAK
- Akitania-Berria TER sareko Akize-Baiona-Hendaia 51. linea
- TXIK TXAK sareko 3., 31. eta 39. lineak
15 tren eta 17 autobus egunero
- TER sareko Akize-Baiona-Hendaia 51. lineak 15 tren proposatzen ditu egunero, bi norabideetan, astean zehar, Donibane Lohizune/Ziburu, Hondarraitz eta Hendaia geltokietatik iraganez. Donibane Lohizune/Ziburuko geltokitik 8-9 minutu behar dira Hondarraitz geltokira joateko eta 12-14 minutu Hendaiako geltokira joateko.
- Heste esperimentalaren epe osoan, TXIK TXAK sarea egokituko da. Ziburutik eta Urruñatik iragaten den Baiona-Hendaiako 3. lineak usaiako bidea hartuko du (D810) 17 autobusekin egunero, bi norabideetan, astean zehar. Irundik datorren 31. linea Hendaiako "Haizabia" geltokiraino luzatua izanen da. Ziburuko herriko etxetik datorren 39. linea mantendua izanen da Urruñako "Juantcho kanpalekua" geltokiraino.
Beribilez, ibilgailua partekatzea eta autobidea lehenestea gomendatua da: A63 eta AP-8-
- A63 autobiderako sarbidea Hendaia/Biriatu 1. lotunetik, Hego Donibane Lohizune/Hendaiako hondartza/Urruña/Ziburu 2. lotunetik edo Ipar Donibane Lohizune/Azkaine/Getaria 3. lotunetik.
- AP-8 autobiderako sarbidea hegoaldetik Irun 1. lotunetik.
Autokidetza urririk
- Ipar Euskal Herrian autokidetza urririkakoa da, edozein izan dadin erabilitako plataforma (Euskal Hirigune Elkargoko mugikortasunen sindikatuak ditu gastuak bere gain hartzen). Argibideak eta erreserbatzeko joan-jinak aplikazioan edo TXIK TXAK webgunean.
- 50 ingurabide txartelak, mugikortasunen sindikatuak ko-diruztaturik, autobideko ordainleku kostuaren %50eko beherapena ukaiteko bidea eskaintzen du, norberak hautatutako bide baterako.
Autobidetik aparte, departamenduko errepide sarea hartzea gomendatua da eta hiriko bideak saihestea: D810, D811 (Behobia eta Hendaia arteko bidea), D658 (Hormategiko karrika Hendaian), D358 (Enperadore hiribidea Hendaian).
Higaduraren ondorioei buruzko argibideak ukaiteko
Euskal Hirigune Elkargoak egindako "Euskal kostaldea, mugitzen den itsasbazterra" erakusketa ikusgai izanen da maiatzaren 15etik ekainaren 14ra Hego Lapurdiko eremuko harrera gunean, Urruñan.