Haurtzaintzarako hiriko diru laguntza berri bat

Sailak/Tags
    Ziburu familien aldean engaiatua: 
    haurtzaintzarako hiriko laguntza berri bat

    Bizitza kostuaren emendatzearen aitzinean familiak laguntzeko, Ziburuko hiriak eta GEUZak eskolaldi aitzineko haurtzaintzari dagokion diru laguntza berri bat martxan jarri du.

    Nini bat sortzen delarik, familiek haurra zainaraztea erabaki dezakete, lanean berriz hastean adibidez. Batzuek banakako zaintza nahiago dute, beste batzuek taldekakoa, beste batzuek berriz murgiltzea... Zaintza mota asko daude, eta gehienetan bata bestearen osagarri: hiriko harrera anitzeko haurtzaindegia, elkarteak, haurtzaina, haurtzain etxea, familia sarea... Marie Fleuret hiriko harrera anitzeko haurtzaindegiak 25 haur talde baten harrera proposatzen du, izan egunerokoa edo noiztenkakoa. 

    Baina eskaintza honek ez die eskaera guziei erantzuten, eta lekurik aurkitzen ez duten familiek, maiz, zaintza pribatu bat hartu behar dute, gehienetan garestiago den aterabidea. Gainkostu honengatik, batzuetan, gurasoak, askotan emazteak, ez dira berehala lanera itzultzen, haien diru eta gizarte mailako egoera txartuz.

    Diru mailako desberdintasun horien aitzinean eta gurasotasunaren aldeko politikaren esparruan, Ziburuko hiria eta GEUZa laguntza baten apailatzean aritu dira familiak hobeki laguntzeko eta berdintasuna berriz ezartzeko familien artean baita familiaren baitan ere.

    2022ko irailetik goiti, diru laguntza hori ordaindua zaie 0 eta 3 urte arteko haurra zainaraztera eramaten dituen lan bat duten gurasoei, haurtzaindegian lekurik ez dutelarik lortu eta haien irabazien arabera. Lau irabazi maila finkatuak izan dira. Urtean 720€raino igo daitekeen diru laguntza hori baliatzen ahalko dute Ziburuko 23 familiek.

    Ohar gisa, lanean ari ez diren eta haurra zainarazi nahi duten gurasoak Marie Fleuret haurtzaindegiko noiztenkako harrerarengana bideratuak izanen dira (familien irabazien araberako prezioekin).

    Nola baliatu?

    Haurtzaindegian leku bat eskatu baldin baduzu eta ez baduzu lortu, eta haurtzain bat enplegatzen baduzu (16 oren astean gutienez), 2022ko irailetik aitzina Ziburuko GEUZarekin harremanetan sar zaitezke: 05 59 47 92 87 – ccas@mairiedeciboure.com