Ipar Euskal Herriko biztanle batek 192 litro ur kontsumitzen ditu egunero, bana beste. Frantzia maila baino %15 gehiago da. Lurraldea urritasun gehiagora bultzatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak euri-urak biltzeko ontziak erosteko laguntza bat plantan ezarri du joan den uztailaren 1etik goiti.
Laguntza egokituak
Diru laguntza partikularrei eta enpresei zuzendua zaie eta ez da irabazien araberakoa. Ekipamenduak erosteko eta jartzeko kostuaren zati bat diruztatzeko bidea eskaintzen du, edukiaren arabera.
- 1000 litro edo gutiagoko ontziei dagokienez, diru laguntza 50 €koa da;
- 1000 litro baino gehiagoko ontziei dagokienez, laguntza beste diru laguntza publiko baten eskuratzearen arabera izanen da (Departamendua, Estatua, etab.). Kasu honetan, Euskal Elkargoak gaineratekoaren erdia hartuko du bere gain, 1500 €ko heinean.
Euri-urak biltzeko ontziak erosteko laguntzak urte osoan eska daitezke eta eskaera linean egin daiteke.
Egiazko aurrezkiak helburu
Euri-urak ezin badira kontsumitu, ez eta janaria prestatzeko edo garbitzeko baliatu, beste hainbeste jardueretan erabil daiteke hala nola baratzea ureztatzeko, ibilgailua garbitzeko, komuneko turrusta betetzeko edo zola garbitzeko.
Bana beste, kontsumitzen dugun uraren %40 euri-urekin ordezka daiteke.
Diruaren aldetik onuragarri izateaz gain, euri-urak biltzeak garbitu beharreko ur bolumena murrizteko bidea eskaintzeko du eta uholdeak eragiten dituen isurtzeak murrizten ditu.
NORK ESKA DEZAKE
- Diru laguntza Ipar Euskal Herriko ur zerbitzuarekin kontratu bat duen orori emana zaio;
- Hartzailea izan daiteke partikularra, enpresa, elkartea, etab.;
- Euri-urak biltzeko ontzi bat erosi behar izan du 2023ko uztailaren 1etik landa;
- Laguntza ez da irabazien araberakoa.
HAUTAGARRI DIREN EKIPAMENDU MOTAK
Laguntza ekipamendu mota guziei aplikatzen zaio (lur gaineko edo lurpeko materiala), edozein izan dadin bere edukiera, baita ekipamendua jartzeko menturazko gastuei ere.
1000 litro baino gehiagoko ontziei dagokienez, eskatzaileak beste erakunde publiko batengandik diru laguntzarik bildu ote duen jakinarazi behar du (Departamendua, Estatua, etab.).
NIRE LAGUNTZA ESKAERA
Eskaerak urte osoan zehar egin daitezke. Eskaerak egin daitezke:
- Internet bidez, euri-urak biltzeko ontziak erosteko laguntza inprimakia osatuz;
- postaz, eratxikitako inprimakia eta ziurtagiriak ondoko helbidera bidaliz:
Euskal Hirigune Elkargoa
Ura eta saneamendua Zuzendaritza
Foch etorbidea, 15., CS 88 507 64185 BAIONA CEDEX
Baitezpadako ziurtagiriak
- Euri-urak biltzeko ontzia erosteari eta jartzeari dago(z)kien ordaindutako fakturak;
- Bankuko nortasun agiria.
DIRU LAGUNTZA ETA ORDAINKETA ESKURATZEKO BALDINTZAK
Eskaeren azterketa
Eskaerak eskuratu eta, Euskal Elkargoak ditu dosierrak aztertzen.
- Zure dosierra ongi osatua da: zure eskaeraren onarpena jakinarazia zaizu postaz.
- Zure dosierra ez da behar bezala osatua: Euskal Elkargoko zerbitzuek mezu elektronikoz jakinaraziko dizute zer diren eskas diren edo gaizki osatuak diren dokumentuak.
- Zure dosierra ez da onartua: Euskal Elkargoko zerbitzuek zergatiak jakinaraziko dizkizute postaz.
Ordainketa
Ordainketa transferentzia baten bidez egina izanen da hartzailearen bankuko kontura.
Hartzailearen ordaina
Eskuratutako laguntzaren ordainez, hartzaileak hitzematen du:
- ekipamendua maiz garbitzea egoera onean egon dadin;
- epe luzean, kontsumitutako edateko ur kantitatea zaintzea eta gutiago kontsumitzea.