Lan hori oinarritzat hartuz, bigarren tailer bat eramana izan zen abenduan. Parte hartzaileek taldeka lan egin dute etorkizuneko Encan auzotegia marrazteko, aipaturiko itxaropenak, egitasmoaren alderdi aldaezinak eta guneari loturiko hertsadurak kontuan hartuz. Horrela, hamabost bat mapa sortu dira, antzekotasun ugari agerian ezarriz, lan oinarri on bat eskainiz. Aldi berean, auzotegiko biharko biztanleak izanen diren 12-18 urte artekoen itxaropenak ere bilduak izan dira joan den otsailaren 26an eta antolaketa mapetan marraztuak.
Ikerketa taldeak mapa guziak landu ditu, lau antolaketa aukera proposatzeko; biztanleak aukera horiek ezagutzera eta eztabaidatzera gomitatuak dira hitzartze une berri baten denboran, datozen martxoaren 24 eta 25ean. Talde ttipitan beti, biztanleek aukera horiek ikertu beharko dituzte, zein den egokiena trenkatzeko irizpide-taula berezi bat baliatuz!
Zatozte datozen martxoaren 24 eta 25ean, 18:30etik 21:00etara.
- Martxoaren 24an, astelehena: Errekoletoen kaperan
- Martxoaren 25ean, asteartea: parrokiako gelan
Tailerra urririk da. Harrera 18:15etatik goiti segurtatua izanen da. Janari mahai bat eskainia izanen da tailerraren denboran.
Haurrak, ongi etorri! 3 urtez goitiko haurrendako harrera gune bat izanen da, animatzaile baten ardurapean. 3 urtez pekoak beren gurasoen ardurapean izanen dira.
Izena emateko: https://www.communaute-paysbasque.fr/actualites/agenda/evenement/atelier-analyse-des-scenarios-projet-damenagement-urbain-de-lencan
Auzotegi bat lekuan berean berreraikitzea, aukera paregabea
Ziburutarrek bizitegiaren arloan dituzten beharrei erantzuteko xedez, 2015etik goiti, Encan auzotegia, bere kokapena eta 6,6 hektareako azaleragatik estrategikoa denez, hedadura handiko hiri-berritze ekintza baterako gune egoki gisa agertu da. Bizitegi helgarriak ukaiteko bideaz haratago, garraioak, kalitatezko eremu publikoak, zerbitzuak eta jarduera ekonomikoak biltzen dituen auzotegi bat sortzea da helburua.
Antolaketa lan hori beste maila batera iristen da gaur, hiri-programazio ikerketaren abiatzearekin. Horrek, gida-mapa baten apailatzea ahalbidetuko du, auzotegiaren antolaketa norabide nagusiei erantzuten dien aurkezpen grafikoa. Gogoeta aberasteko eta hautuak egiten eta erabakia hartzen laguntzeko gisan, Eneko Aldana-Douat Ziburuko auzapezak, Jean-René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak eta egitasmoari dagozkion gaien ardura duten hiriko eta elkargoko hautetsiek biztanleekiko hitzartze zabal bat eramateko hautua egin dute, arlo horretako betebeharrezko arauez haratago.
Euskal Hirigune Elkargoko eta Ziburuko Hiriko obralaritzapean, aholkulari talde bat hautatua izan da gida-mapa horren apailatzeko; Mugikortasunen Sindikatuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ere parte hartuko dute.
Gida-mapa onartu ondotik, urrats berri bat abiatuko da, antolaketa orokorraren proiektu guzien ikerketa zehatzarekin, obrak hasi baino lehen.