hiri-artea lurraldearen bihotzean
Euskal Hirigune Elkargoak eramanik, herriko etxeen eta tokiko elkarteen sustenguarekin, Points de Vue jaialdiak mota guzietako hiri-artea ospatzen du. 2021etik goiti, jaialdia Baionatik haratago hedatzen da eta egonaldi artistikoak proposatzen ditu urtero lurraldeko zenbait herritan.
2025ean, Ziburuk du ohiz kanpoko abentura artistiko hau aterpetuko. Une garrantzitsu bat izanen da hiriarentzat, fresko erraldoi bat sortua izanen delarik Ttiki trinketeko aitzinaldean, Murales Lian artista amerikar-katalanaren estilo hunkigarri eta narratiboari esker.
arte eta gizarte murgilaldia
Zenbait astez, Murales Lian Ziburuko giroan murgilduko da, bertako biztanleekin elkartuko eta mintzatuko da, tokiko artxiboak aztertuko ditu... Murgilaldi honetatik sortuko da murru-fresko berri-berri bat, lekuko memorian eta paisaian sakonki ainguraturik.
Artistari kontakizun intimoak, ahantziriko jestuak, egunerokotasunean erroztaturiko sinboloak gustatzen zaizkio bereziki. Bere freskoaren bidez, lurraldeko aztarna ikusgai eta ikusezinak salatzeko asmoa du, baita honen hauskortasunak ulertzeko bide berria eskaintzeko gogoa ere, besteak beste urari eta uholdeei loturikoak.
Ttiki trinketa: urperaturiko paisaia baten memoria
Ibai eta itsasoko uholdeen menpe dagoen eremu batean kokaturik, Ttiki trinketa iraganeko uholdeen lekuko isila da, hala nola 1958koarena. Testuinguru hau ikerketa arloa bihurtzen da Murales Lian artistarentzat, bere obraren bitartez hondamendi naturalen memoria eta horiek toki baten eta bertako biztanleen nortasuna moldatzen duten era galdekatzen dituelarik.
Arte-lan hori urraspide zabalago batean sartzen da: maiz itzalean baztertua dena agerian ezartzea, hala paisaia-hauskortasunak, talde-oroitzapenak nola kidegoko pertsonaia isilak.
Murales Lian: munduari eskainiriko behako engaiatua
Ameriketako Estatu Batuetan sortua, Katalunian hazia, Murales Lian Bilbon bizi da gaur egun. Testuinguruaren araberako praktika figuratiboa eta arrunt engaiatua garatzen du eremu publikoan. Bere lanak emazte langileak, kidego zokoratuak, ohiko lanbideak ezartzen ditu argitan.
2022an, Ondarroan, saregileen omenez sorturiko “The Hands of Many” obra munduko hirugarren obrarik ederrena hautatu zuten internautek.
Obra kolektiboa eta partekatua
Ziburuko egonaldia arte-proiektu bat baino askoz gehiago da: topaketa, transmisio eta elkarrizketa une bat da. Artista, biztanleak, tokiko elkarteak eta erakundeen arteko elkarlanari esker, freskoa iraganeko memorien eta etorkizuneko irudimenen sinbolo bizia, lekukoa bihurtuko da.
Kokapena: Ttiki trinketeko aitzinaldea, Ziburu
Artista: Murales Lian