fruituak dakartzan Kontu-kudeaketa zorrotza
2020tik goiti, kontu-kudeaketaren arloan, hiriak zuhurtzian, aurreikuspenean eta zorroztasunean oinarritutako estrategia bat plantan ezarri du aurrekontua apailatzeko, honako deliberoak hartuz:
- Funtzionamendu arloko gastuak murriztea, besteak beste soldata masaren ttipitze adierazgarriarekin [1] (- %10 4 urteko epean), gizarte laguntzen parte handiagoagatik (osasun geriza, jatetxe-txartelak, inflazio saria, indize puntuaren emendatzea, etab.) eta zerbitzu batzuen sortzea edo azkartzeagatik ere: mediateka, kultura, hazkurri laguntza, GEUZa, haurtzaroa-gazteria;
- Energiari eskainitako estrategia bat hedatzea, kontsumoa murrizteko xedez, prezioen emendatzeak ordaintzeko, autokontsumoari zuzendutako ekoizpen-iturri berriak garatuz;
- Diru laguntzak sistematikoki bilatzea inbestimendu-proiektuetarako.
Kontu-kudeaketa zorrotz horrek elkargoaren aurrezki garbiak emendatzea ahalbidetu du: kudeaketa eraginkor bati esker, aurreztutako auto-finantzaketak proiektu egituratzaileak diruztatzeko bidea eskaini du, elkargoko kontuak desorekatu gabe eta hiriko zorrak emendatu gabe. Zorraren ttipitze tasa bikaina da: bi urte baizik ez lirateke behar hiriko zorrak guztiz ordaintzeko (alerta muga 10 urtetan finkatua delarik).
Halaber, 2020tik goiti, zorroztasun horrek inflazioaren kostua eta Estatuaren zuzkiduren murriztea ordaintzeko bidea eskaintzen du, baita hiriak paira ditzakeen zenbait gorabeherak ere, hala nola erabilera anitzeko gelako teilatuaren andeatzea (200 000€) edota itsasoko etorbidearen lehertzea, horren konpontzeko obrek milioi bat euro eskatzen dutelarik.
Azkenik, zorroztasun horrek ziburutarren aldeko proiektuen faboretan izateko xedea du. 2024an berriz, gauzatutako inbestimenduen tasa %93koa da, horien artean:
- Kirol zelaiko obren lehen urratsa, landareztatutako aparkaleku iragazkor baten antolaketa ekologikoarekin, euri-urak hobeki kudeatzeko eta gunearen uholdeak murrizteko;
- Euri-urak biltzeko ontzi bat jartzea, 2022an ezagutu dugun bezalako etorkizuneko idorteak aurreikusteko;
- Altxagailu bat ezartzea elbarrituak elizara hel daitezen;
- Briand guneko beherea zaharberritzeko obrak abian jartzea GEUZa hiri barnean kokatzeko eta gizarte gune azkar bat sortzeko, hazkurri laguntzaren parean.
"Finantzaketa lege eskasari lotutako duda-mudazko testuinguruagatik ere, 2025. urtea eta ondokoak lasaiki aurreikus ditzakegu. Gure kontu-kudeaketa zorrotzak finantzaketa mozkinak biltzeko bidea eskaintzen digu ziburutarrekin eta ziburutarren aldeko ekintzak gauzatzeko, inbestimendu horiek ondoko belaunaldien gain utzi gabe", laburbildu du auzapezak.
Ziburutarren aldeko proiektuak: 4 600 000 euroko inbestimenduak 2025ean
Kontu-kudeaketa zorrotz horrek hiriari ondoko bi urteko inbestimenduak lasaiki aurreikustea ahalbidetzen du, zerga tasa emendatu gabe. Inbestimenduek lau ardatz nagusi dituzte:
Bizi ingurumena hobetzea: 2 480 000 €, horien artean:
- Kirol zelaiko obrak jarraitzea, proiektuaren 2. urratsa abian jarriz, zelairako sarbidea seguru ezartzeko: biribilgune bat antolatzea eta bide eztiak antolatzea, bizikleta bidea luzatzea: 500 000 €
- Joseph Abeberry etorbideko antolaketa obren azken urratsa abian jartzea: aparkatzea antolatzea, leku belarreztatuak sortzea euri-urak lurrean sar daitezen: 893 000 €
- Jean Jaurès etorbidea eta Boga Boga karrika itsuaren antolaketa, Iturri Aldeko obren ondorioz, errepide multimodal baten antolatzearekin: 180 000 €
- Itsasoko etorbidea sendotzeko obrak, galtzada hein batean lehertu ondotik eramandako lurren ikerketaren emaitzen arabera: milioi 1 euro
- Encan auzotegiko antolaketa ikerketak jarraitzea, ziburutarrekin hitzartzean
- Kattalin Aguirre etorbideko bigarren aparkalekua berdetzea eta landare eta zuhaixka naba bat sortzea, freskogune bat sortzeko auzotegi mineralizatu horretan
Hiria aldaketa klimatikora eta trantsitzio ekologikora egokitzea: 500 000 €, horien artean:
- Hiriko eraikinen zaharberritze energetikoa: 110 000 €
- Ikastetxeetako eta haurtzaindegiko jostalekuak iragazkor bihurtzea: 72 000€
- Energia-ekoizpena garatzen jarraitzea plaka fotovoltaikoak ezarriz hiriko zentro teknikoan: 240 000 €
- Hiriko argien arloan, LED plana aitzina eramatea
Herritarrendako zerbitzuak hobetzea
- Gizarte gune azkarra sortzea hiri-barnean: A. Briand guneko beherea antolatzea GEUZa belaunaldien arteko egoitzan kokatzeko
- Haurtzaro-gazteria gune bat sortzea: haurrendako zerbitzuak Marinelan bateratzea (GEUZ ohia)
Ondare eraikia artatzea: 730 000 €, horien artean:
- Diagnostikoa eta obrak Iturri Baïta etxean: 55 000 €
- Obrak Bordagaineko dorrean (eskailerak + teilatua): 21 000 €
- Eliza artatzea eta zaharberritzea: 67 000 €
- Erabilera anitzeko gela konpontzea: 200 000 €
[1] Soldata masa futzionamenduaren arloko %58 zen 2014an, %65 2020an, %61 2024an.