2024ko martxoaren 20ko herriko kontseiluaren berri

Sailak/Tags
raz

Ziburuko herriko kontseilua 2023ko abenduan bildu zen, 2024ko aurrekontu norabideak eztabaidatzeko, 2024ko otsailean bozkatu baino lehen.  

Haatik, zinegotziei aurrekontuari buruzko dokumentuak helarazteko aurazko epeak berriki luzatuak izan direnez, Hiriak aurrekontua berriz aurkezteko eta aitzinetik eztabaidatzeko bilkurak berriz antolatu ditu.

Urraspide honek ez du diru edo teknika mailako eraginik izan 2024rako bideratutako inbestimenduen gainean, ez eta eztabaida demokratikoaren gainean, zinegotziak hiriko diru arazoei buruzko batzordeetan bildu baitziren lehenago. Halere, hiriak zuhur jokatzeko hautua egin du eta zinegotziak berriz biltzera deitu ditu martxoaren 20an aurrekontua eztabaidatzeko eta otsailaren 28an 2024ko aurrekontua berriz bozkatzeko.

Martxoaren 20ko kontseiluak 2023. urte hondarrean iragandako eztabaidari indar gehiago eman dio. Oroitzapen oharra:

  • Nahiz eta 2023an gastuen goratzea murriztua ahal izan den, zerbitzu guziek egindako indarrei esker, inflaziorako joerak 2024ko aurrekontuari eraginen dio;
  • Hiriko politikak indartuak izanen dira eta proiektu nagusi batzuk sortuko dira 2024an.

Funtzionamendu kargak egonkortuak 2023an, emendatuak 2024an

2023an, soldata kargak murriztuak izan dira; indize puntuaren emendioa, uztaileko goratze berria eta erosahalmen saria orekatuak izan dira soldata kargaren menperatzeari esker.

Aldi berean, argindar kostuaren emendioa ere murriztua izan da, prezioak mantentzeko Estatuak plantan ezarri duen laguntzari esker, baita Ziburuko hiriak 2022ko azaroan plantan ezarri duen hiriko argien erreformari esker ere. Neurri honek kontsumoa %40z ttipitzeko bidea eman du, tokiko finantzabideetan eragin zuzena duelarik.

Haatik, 2024rako, inflaziorako joera nagusituko da, kargen %4,65-eko goratzearekin.

2023ko aurrekontuaren %97 gauzatua eta bideratua izan da

Hiriak aurrekontuan zehaztutako egitasmoen %97 gauzatua eta bideratua izan da, besteak beste mediatekaren modernizatzearekin, elkarteen etxearen zaharberritze termikoarekin, Itsasargiko, Semaforoko karriken eta Larrungo etorbidearen tratatzearekin, Untxin aparkalekua iragazkor bihurtzearekin, elbarrituendako plataforma altxagarri baten ezartzearekin elizan.

2024rako, abiatutako politikak aitzina eramatea

Bizi ingurumena hobetzea

Itsasargiko eta Semaforoko karriken eta Larrungo etorbidearen ondotik, auzotegietako bizi ingurumena hobetzeko obrak aitzina doaz aurten ere Abeberry etorbidean, euri-uren eta ur zikinen sareak hein batean bereiziak izanen direlarik, edateko ur ekartzeak zaharberrituak, sare idorrak lurperatuak eta bideak konponduak izanen direlarik. 

2023. urte hondarrean Untxineko aparkalekua landaretua izan ondotik, Kirol Zelaiko sarrera izanen da paisaia eta ekologia heineko antolaketa baten gaia, hiriko sarrera seguru ezartzeko, guneko aparkatzea eta zirkulazioa antolatzeko eta gune desberdinak hobeki banatzeko. Proiektu hau trantsizio ekologikoaren mailan eramandako politikarekin koherentzian gauzatuko da, euri-urak lurrean sar daitezen eta uholderik izan ez dadin. 

Halaber, haurren bizi ingurumena ere ikertua izan da eskoletan. Gogoeta lan bat abiatu dute AHIK64 erakundeak, eskoletako zuzendariek, irakasleek, gurasoek, haurrek eta hiriko langileek jostalekuei buruz, gaur egun mundrunez estaliak eta irazgaitz diren leku horiek berriz asmatzeko: jostatzeko eta ikasteko leku horietan izadiari lehentasuna ematea da asmoa, baita fresko guneak sortzea ere eskolen bihotzean.

Gizarte ekintza indartua

Alokatzaile sozialekin eta etxe-eragileekin bizitegi helgarri gehiago sortzeko lana. Adibide gisa, Aristide Briand eskola belaunaldien arteko egoitza soziala bihurtzea 2024. urte hastapenean, adinekoak eta familiak aterpetzeko xedez.

Eraikinaren beherean, gizarte ekintzarako udal zentroaren (GEUZ) lokalak izanen dira, baita adinekoen kluba ere, Ziburutarrek erraz aurki dezaten beharrez. 

Hiriaren parte hartzea GEUZaren aurrekontuan, iaztik goiti handiagoa delarik, mantendua izanen da aurten, behartsuei zuzendutako zerbitzuak indartzeko.

Ziburu hiri iraunkorra eta erresilientea bihurtzea

Hainbat ekintza aurreikusiak dira:

•       Kostu energetikoa murriztea, izan eremu publikoan, hiriko argiak itzaltzearekin egina izan den bezala, edo eraikin publikoetan, hala nola herriko etxean, 2023. urte hondarrean elkarteen etxearen zaharberritze termikoko obren harira;

•       Kirol zelaiko sarbidearen antolaketa proiektuak lurra iragazkor bihurtzea eta euri-urak biltzeko ontzi baten jartzea barne hartzen ditu, bildutako ura hiria garbitzeko eta berdeguneak ureztatzeko erabiliko delarik;

•       Argindarraren ekoizpena garatzea hiriko zentro teknikoko teilatuan plaka fotovoltaikoan jarriz;

•       Hitzartze lan bat ere abiatua izan da Departamendua, Azkaine, Donibane Lohizune eta Urdazuriko Bartetan dabiltzanekin, Bartak naturagune kaltebera sailkatuak izan berri direlarik.

Kultur ekintzaren jarraipena, elebiduna, helgarria, belaunaldien artekoa

2021ean zerbitzua sortua izan zenetik, hiriko programazioak bere publikoa topatu du. Kultur ekintzak aitzina jarraituko du, beti helgarriak, elebidunak, belaunaldien artekoak eta kultur anitzekoak diren proiektuekin. Elkarteei esleitutako zuzkidurak mantenduak izanen dira.