2023ko kontu administratiboak: inbestimenduen %89 bideratua
Funtzionamendu gastuak argiki menperatuak dira:
- Soldata kargak ttipituz doaz: - 150 000 € 2022 urtearen aldean; 2020tik goiti funtzionamendu gastuetan soldata kargen ratioa alderantzikatzen dela eta ttipituz doala azpimarratzekoa da.
- Zorraren ttipitze tasa ere ttipituz doa: 2.31 2023an, 3.5 zelarik 2020an;
- Funtzionamendu gastuak ttipitzen dira: elkargoko zerbitzu guzietan, gastu horiek ttipitzeko egindako indarrak eraginkorrak dira, izan erregai gastuen ttipitzea ibilgailu termikoak ibilgailu elektrikoekin ordezkatuz, hiriko argien itzaltzeari lotutako argindarra murriztea eta LED planaren hedatzea, kanpoko alokatze gastuen murriztea, etab.
Orotara, 200 000 € dira baztertuak izan funtzionamendu sailean.
Aldi berean, hiria "gaitzekoak izateko xederik gabeko proiektu arduratsuetan" engaiatu da; "Ziburutarren egunerokotasunean eragin zuzena duten inbestimenduak dira", azpimarratu du auzapezak:
Bizi ingurumena hobetzea bideen programaren bidez, besteak beste Larrungo etorbidearen heinean (edateko ur ekartze sareak zaharberritzea, euri-uren eta ur zikinen sareak bereiztea, sare idorrak lurperatzea eta bideak konpontzea);
- Hiri barnaren antolaketari, zirkulazioari eta aparkatzeari buruzko ikerketak egitea;
- Hiriko eraikinen zaharberritze energetikorako plana abian jartzea, elkarteen etxearekin hasiz;
- Untxin auzotegiko Florentino Goïcoechea aparkalekua iragazkor bihurtzea fresko gunea sortzeko, euri urak lurrean sartzen uzteko eta uholdeak murrizteko;
- Mediateka gaurkotzea ikusgarriago, erakargarriago eta helgarriago izan dadin;
- Okineta lokala zaharberritzea hazkurri laguntzaren hartzaileak hobeki errezibitzeko.
Hots, %89ko bideratze tasa aurten, inbestimenduaren arloan hiriak duen bizkortasuna agerian ezartzen duen zenbakia.
Aurrekontu hori tokiko zerga tasak emendatu gabe eramana izan da, eta Ziburutarrendako zerbitzu maila mendratu gabe, alderantziz: hazkurri laguntza zerbitzuaren sendotzea, kultur programazioaren indartzea, txartel bakarraren plantan ezartzea mediatekan, etab.
Aparkatzea: ordainpeko eremua zabaltzea hiri barnean
2022tik goiti aparkatzeari eta zirkulazioari buruz eramandako ikerketak Ziburun aparkatzeko arazoak agerian ezarri ditu xeheki. Aterabide bat baino gehiago atera dira, hala nola antolaketak bideetan, horietako lehenak esperimentatzen ari direla Bordagain auzotegian, eta ordainpeko eremua zabaltzea hiri barnean.
Hiri barnean aparkatzea pendularra da, hots epe luzean aparkatutako ibilgailuek dituzte lekuak betetzen 8:00etatik 18:00etara; hiri barneko erakargarritasunak du nagusiki egoera azaltzen, ondoko hiriko ordainpeko eskaintzak areagoturik (saltegiak, zerbitzuak, tren eta autobus geltokiak eta abar hurbil-hurbil daude).
Biztanleei aparkatzeko eta saltegietara joateko bidea berriz emateko xedez, hiriak ordainpeko eremua zabaltzeko hautua egin du. Neurria uztailaren 1ean sartuko da indarrean; gainera, epe motzeko 7 zedarri bikoitz ezarriko dira epe mugatuzko urririkako 14 leku sortzeko.
Ravel kaiko eta Ziburutarren hondartzako aparkalekuez gain, ordainpekoak izanen dira:
- Iturriaren karrika (Rue de la Fontaine);
- Auverniako Dorrearen plaza (Place de la Tour d’Auvergne);
- Jean Jaurès etorbidea (2tik 12ra);
- Pilota plaza;
- Camille Jullian plaza.
Harpidetza (10 € hilabetean edo 90 € urtean) proposatua izanen zaie karrika horietako merkatariei eta biztanleei. Aparkatzeko ordutegia ez da aldatuko: astelehenetik larunbatera, 9:00-12:30 eta 14:30-19:30, salbu jaiegunetan.
Epe motzeko zedarri bikoitzak jarriko dira:
- Jean Jaurès etorbideko 1.ean, Vival saltegiaren heinean: 2 leku;
- 2 Ravel kaia eta Auvernia Dorrearen arteko izkinan, errepidearen alde bakoitzean (2 leku Zokoarako norabidean, 2 leku Donibane Lohizunerako norabidean)
- 4 Ravel kaiaren sarreran, prentsa etxearen parean, errepidearen alde bikoitzean (4 leku Zokoarako norabidean, 4 leku Donibane Lohizunerako norabidean), erraz ikus daitekeen epe motzeko aparkatzeko eremu bat sortzeko gisan.
Neurria biztanleei aurkeztua izan zaie apirilean iragan diren auzotegietako batzordeen biltzarretan, eta merkatariei gai honi eskainitako Herriko Etxez kanpoko batzordearen denboran. Oro har, ongi hartua izan da.
Azkenik, beste ekintza batzuek osatuko dute neurria, hala nola Bordagain auzotegian, oinezkoei espaloiak erabiltzeko bidea emateko eta biztanleen aparkatzea errazteko.