2024ko irailaren 19ko herriko kontseiluaren berri 

Sailak/Tags
raz

Ziburuko hautetsiak bildu dira joan den irailaren 19an herriko kontseiluan hiriko ohiko arazoak tratatzeko, baita trantsizio ekologikoaren arloan eramandako politikari buruzko hiru gai nagusi ere, lurrak iragazkor bihurtzekoaren eta bero guneen murrizketen alde.

BIDEOA IKUSI

EREMU PUBLIKOETAKO LURRAK IRAGAZKOR BIHURTU

Hautetsiak hirian eramateko bi ekintza nagusiren alde agertu dira:

Joseph Abeberry etorbidearen antolaketa.

2024. urte hastapenetik goiti, sare hezeak berritzeko eta sare idorrak lurperatzeko obrak eginak izan dira etorbidean.

Ondoko urratsari esker, 2025eko urtarriletik aitzina, bidea eta espaloiak berrituak izanen dira. 2020tik trantsizio ekologikoaren alde eramandako politikaren harira, hiriak antolaketa iragazkorra hautatu du aparkalekuei dagokienez.

Kattalin Aguirre etorbideko aparkalekua iragazkor bihurtzea Untxin auzotegian

Iaz, lehen ekintza bat eramana izan zen Florentino Goicoechea karrikako aparkalekuan, 400 m² izan ziren belarreztatuak. Ildo beretik, Kattalin Aguirre aparkalekuan, aparkaleku landareztatua sortzea izanen da helburua, baita zuhaixkez eta zurtoin luzeko zuhaitzez osatutako naba bat ere, uholdeak saihesteko eta fresko gune berri bat sortzeko.

Aturri Garonako Uraren Agentziaren eta Estatuaren laguntza eskaturik, funts berdeak kari, hiriak lur iragazkorreko zortzi gune izanen ditu bi ekintza horiei esker. Horrek, bizi ingurumena hobetzeaz gain, euri-urak kudeatzeko beste bide bat eskaintzen du.

IKASTETXEETAKO JOSTALEKUAK IRAGAZKOR BIHURTZEA

Iaz, AHIK kontseiluarekin eta erabiltzaileekin, hiriak ikastetxeetako jostalekuei buruzko gogoeta lan bat abiatu zuen, haurren erosotasuna hobetzeko, fresko guneak sortzeko, bizi gune honen funtsa bera berriz pentsatuz.

Urrats berri bat gainditua da gaur egun paisaia antolatzaile talde baten lanaren abiatzearekin. Antolaketa plana zehaztu beharko du taldeak eta lehen obrak gauzatu 2025. urte hastapenean, Marinela ikastetxean eta Kaskarotenea ikastolan.

ESKOLALDI INGURUKO HARRERA ZERBITZUA AZKARTUA

Azkenik, hautetsiek eskola publikoko eskolaldi inguruko animatzaile taldea indartzeko atsegina ukan dute. Alabaina, Marinela ikastetxean eskolatutako haur kopurua 201 ikaslera igo da, 188 zirelarik iaz, azken urteetako joera alderantzikatuz eta lanpostu erdi bat irekitzeko aukera eskainiz.

Hiru animatzaile berri hartuak izanen dira haurrak behar bezala zaintzeko. Gogorarazia zaizue eskolaldi inguruko harrera zerbitzua urririk dela familientzat.

Ikasle kopuruaren emendio honek erakusten du ikastetxeen bateratzeak eta Marinela ikastetxean eramandako kultur, arte, kirol eta zientzia arloko ekintzek eragin baikorra dutela erakundearen berpiztean.