1. berripapera - hezkuntza

Sailak/Tags
    raz

    Arlo anitzeko hezkuntza-ibilbidea, ama eskolako lehen urtetik lehen mailako azken urtera.

    Arte-, kultura-, kirol- eta zientzia-hezkuntza ikasle guzientzat

    2024ko iraileko sartzetik goiti, Ziburuko Herriko Etxeak arte-, kultura-, zientzia- eta kirol-programa ausarta eta egituratzailea zabaltzen du hiru ikastetxeetan. Hiriko zerbitzuak, irakasle taldeak, Frantziako Hezkuntza Nazionala eta tokiko partaide ugariren arteko lankidetza baten emaitza den dispositiboak ikasle guziei ezagutzaz, sorkuntza-jarduerez eta talde-esperientziaz josiriko ibilbide bat eskaintzen die.

    Maila guziei egokituriko gaikako tailerretan antolatua, programak arteen aniztasunari buruzko irekitzea, ingurumen arloko erronkei buruzko sentsibilizazioa, zientzia-kulturari piztea eta kirolean maiz aritzea sustatzen ditu.

     

    2024-2025 ikasturteko une nagusi bat Maurice Ravelen urratsetan 


    Maurice Ravelen sortegunaren 150. urteburua kari, Herriko Etxeak kultura- eta musika-ibilbide paregabea proposatu du. Proiektu horri esker, ikasleek Ziburun sortu zen musikagilearen lana ezagutu dute, artea eta ondarearen bitartez. Honako urratsen inguruan antolatua izan da:


    Asteroko musika tailerrak Maurice Ravel kontserbatorioko esku hartzaile baten eskutik, Ravelen munduarekin loturan.

    Septeto baten errepika publiko bat eta ondotik topaketa, besteak beste Ma Mère l’Oye (Nire ama antzara) obra barne hartzen duen programa baten inguruan, Ziburun aurkeztua 2025eko apirilean.


    Bi bisita gidatu, Arte eta Historia Hiriko bitartekari baten ahotik: musikagilearen biziari eta lanari eskainiriko bisitak musikaren soinuan, badiako leku nagusienetatik eta Ravelen urratsetan.

    Ibilbide bukaerako kontzertua, San Bixintxo elizan 2025eko ekainaren 6an, ikasleak, irakasleak eta familiak elkarturik.

    Proposaturiko eta anitz eskaturiko beste ibilbideak

    Urte osoan zehar, proiektu ugarik dute ikasleen egunerokotasuna aberastu: 

    • Ikuskizun  bizia: Eguberriko ikuskizuna, Dantzatu eskolan
    • Irakurraldi publikoa: Mediateka ezagutzen dut, Ikastetxeetako literatura bihozkadak, Ziburu Hartu Liburu
    • Kirola eta mugikortasuna: Belaontzi itsasketako lehen irakaspenak, Igeriketa klaseak, Bizikletaz ibiltzen jakin, Joko Eguna 
    • Ondarea eta ingurumena: Esploratzaileak Arte eta Historia Hiriarekin, Ingurumen hezkuntza Euskal Itsasbazterreko IEZIrekin
    • Zientzia-kultura: Energien laborategia, Jestu ekoarduratsuen maleta pedagogikoa.

    Bestalde, hiriko kirol hezitzaileek esku hartzen dute astero ikastetxeetan kirol heziketan laguntzeko ikasturte osoan zehar.

     

    Biltzen duen arrakasta eta pizten duen suhartasunagatik, programa 2025-2026 ikasturtean ere antolatua izanen da, beti munduari irekiak eta talde dinamika batean engaiatuak diren jakin-nahi handiko ikasleak formatzeko helburuarekin.


    Kirola eta gizarteratzea

     

    Kirola eta gizarteratzea Ziburun: haur guziak biltzen dituen ekintza

    Ziburun, gizarteratzea kirolaren bidez ere gauzatzen da! Herriko Etxeak eta Etxeko Artamendu eta Hezkuntza Berezirako Zerbitzuaren (SESSAD-EAHBZ) arteko hitzarmenari esker, ekimen inklusiboa abian jarria izan da ekainean: asteazken arrats guziez, hiriko aisialdi zentroko haurrak kirolean aritzen dira SESSAD-EAHBZ zerbitzuko gazte lagunduekin.

    Helburua: helgarritasun unibertsala
    Jokoak, desafioak eta elkarrekin eramaniko tailerrak haur guziei egokituak izateko pentsatuak dira, edozein izan daitezen haien beharrak. Zentroko animatzaileen eta medikuntza eta gizarte arloko profesionalen ardurapean, ekintza horrek topaketak, trukaketak eta elkar bizitzaren irakaskuntza sustatzen dute.

    Hobeki laguntzeko formatuak diren langileak
    Ildo horretatik, aisialdi zentroko (AGAZ) animatzaileen taldea formatzea lehentasuna izan da, haur guziak hobeki laguntzeko asmoz, behar bereziak dituztenak barne. Horrela, Herriko Etxeak hiriko 13 langile, animatzaile, kirol hezitzaile eta ABLA langileei zuzenduriko 4 eguneko formakuntza plantan ezarri du gaitasun horiek gara ditzaten.

    Lankidetza iraunkorra eragile berezituekin

    Urraspide horrek Ziburuko Herriko Etxeak denei helgarriak zaizkien hezkuntza eremuak sortzeko duen nahia erakusten du, Ipar Euskal Herriko SESSAD-EAHBZ zerbitzuaren gaitasunetan oinarrituz, ahalmen urriko haurrak laguntzen dituena egunero, arlo anitzeko lantalde bati esker.