Arte eta Historia Herrialdeak lurralderako proiektu handi bat abiatu du, izan ere Arkitekturaren eta Ondarearen Interpretazio Zentroa (AOIZ) sortu du Errekoletoen lehengo komentuan.
AOIZ bat Ziburun, maila handiko proiektua

Arte eta Historia Herrialdeak lurralderako proiektu handi bat abiatu du, izan ere bere Arkitekturaren eta Ondarearen Interpretazio Zentroa (AOIZ) sortu du Errekoletoen lehengo komentuan.
Proiektu horrek berritze historikoa eta sorkuntza garaikidea batzen ditu eta 250 m² erakusketa gela eskainiko ditu. Eta errekoletoen kapera kultura gela izanen da.
Eszenografia ludikoaren eta interaktiboaren bidez badiako itsas abentura handia kontatuko du. Zentroak urteko egitarau osoa proposatuko du aldi bateko erakusketa gelaren eta publikoen lantegiaren bidez.
Ziburuko auzapezak nahi du Arkitekturaren eta Ondarearen Interpretazio Zentroak itsas ondarea agerian eman dezan, badian zinez bizi den ondarea baita:
Arkitekturaren eta Ondarearen Interpretazio Zentroak lurralde zabala hunkiko du. Hala, badiako 20 500 biztanleri baita ere Lapurdiko biztanle guziei parada emanen die maila handiko eta hurbileko kultura ekipamendu batez baliatzeko. Zentro horrek ziburutarrei eta donibandarrei beren historiaz, arkitekturaz eta ondareaz jabetzeko aukera ematea du xede. Euskal Hirigune Elkargoak beste zaharberritze proiektu bat eramaten du badian urruntxeago: Zokoako gotorlekuarena. Etorkizuna ez du oraino finkatua, baina hiriak badiako biztanleei itzultzea du helburu. Bi proiektu nagusi horiek elkarren ondoan eramanak dira gure itsas ondare aberatsa eta bizia argitan ezartzeko.
Zaharberritze horretako lehenbiziko harria 2021eko abenduaren 3an ezarri zen, eta zentroa 2023ko udan ireki behar litzateke.
Errekoletoak, Zibururen eta Donibane Lohizuneren juntan den ondarea
1611n sortua, Errekoletoen komentua kaperaren burualdetik handitu zen 1675ean, Urtubiako jaunarentzat eraikin bat gehituz. Jauna hil ondoan, eraikina Errekoleto fraideen jabegoan sartu zen eta hitzaldi teologiko famatuetara jin apezpiku franko errezibitu zituen. Lehen estaian estalia zen terraza batetik, Apezpikuen Etxeak zuzenki kaperako korura ematen zuen, gomitek elizkizunetan apartamentutik parte hartzeko.
Zaharberritze obrak
Errekoletoen komentuaren zaharberritze proiektuaren karietara, urak biziki andeatua zuen eraikinean obra handiak egin dira 2022ko urtarrilaz geroztik.
Kaperako zureria, 2022ko urtarriletik maiatzera
Lazak berriz egin dira, ernai eta armadura (bi isurkiko egitura hirukia, teilatuari forma ematen diona) zenbait azkartu dira, eta haritzezko zoladurak ere berritu dira. Teilatupean, zaharberritze obrek zureria lan ederra erakustera ematen dute eta ikuspegi zabala eskaintzen Donibane Lohizuneko kaien gainera.
Teilatuko obrekin bururatu dira obra handi horiek, eta teila “historikoen” parte bat atxiki da: hain segur 200 urte baino gehiago dituzte. Teila zahar horiek ez dira denak izari berekoak, eskuz moldatuak baitira. Erabili lurraren eta labean zuten kokapenaren arabera, teilek kolore franko desberdinak dituzte, kolore argikoak badira, gorriak edo laranjak.
Ravel kaiaren aitzinean, Arkitekturaren eta Ondarearen Interpretazio Zentroko bisitariei haritz kandudun eta kandugabe oihan batek die ongietorria eginen, Landesetatik, Biarnotik eta Gersetik jinak.
Zabaltze modernoa, 2022ko maiatzetik irailera
Amandine Guindet, Arte eta Historia Herrialdeko arkitektura eta ondare animatzaileak zabaltze hori aurkezten digu:
Portuko paisaian itxura berria da, zabaltze garaikide horren zureriak tradiziozko lapurtar etxea oroitarazten du eta ere bertako itsasontzi-arkitekturan den trebetasuna. Zureria obra horren egiteko teknika tradizionalak erabili dira baita ere gaur egungo diseinu eta obratze modeloak, ekai mota desberdinak ezin hobeki elkarri batuz: zura, betoia, metala. Tratatu gabeko 200 zur puskek, Itoiz enpresako langileek 3 astez juntatuak, 40 tonatik gorako egitura osatzen dute eta denbora joan arau eguzkiak eta aro gaiztoak patina emanen diote.
Rémi Desalbres ondarearen arkitektoak eta ARC&SITES agentziako sortzaileak honela esplikatzen du arkitektura lehiaketaren karietara atxikia izan den arkitektura hautua:
Erabaki dugu eraikuntza berria XIX. mende hastapenean desegin zen hegoaldeko partearen luzapenean ezartzea. Lehengo jantokia iradokitzen du, eta diagnostikoaren eta obren karietara aurkitu ditugun aztarnak agerian ezarriko ditu. ARC&SITES agentziak zabaltze garaikidea diseinatu du erreferentzia eginez komentuetako jantokietako zureria handiei, zinezko balentria teknikoak baitziren, eta ere penintsulako ontziolak oroitarazteen ditu. Sorkuntza horrek tradizioko euskal etxe argamasadunak oroitaraztea ere genuen xede. Zabaltze garaikide horrek jadanik hor zegoen eraikinari ihardesten dio gaina hartu gabe, harmonian daude, hori da ARC&SITES agentziaren marka.
2022ko irailetik goiti
Irailetik goiti, langileek kaperako koruko erlaitzak eta apaindura margotuak zaharberrituko dituzte baita ere kalostra eta mendebaldeko parteko komentuko ohetegien zoladurak.